XIBA, Herrien arteko topaketak

 

Herri Kirolak gizonentzat sortutako esparrua izan ohi da. Gauza asko jartzen dira jokoan Herri Kiroletako probetan: ohorea, dirua, … batzuetan gozamenerako tokia gelditzen ote den galdetzen diogu gure buruari. Horretaz gain, gaur egun ezagutzen ditugun Herri Kiroletako modalitate gehienetan (ez guztietan baina bai gehienetan) indarra da erabiltzen den gaitasun fisiko nagusia. Hori dela eta, oso prototipo zehatza duen pertsonak eduki dezake arrakasta Herri Kiroletako jardueretan.

Egoera hau irauli nahian eta Herri jokoez eta kirolaz gozatzeko aukera dagoela erakusteko, 2003. urtean Ikastolen Elkartearen baitan aritzen zen Xiba proiektuak herrien arteko topaketa batzuk sortzeari eta asmatzeari ekin zion.

Horrelako topaketak martxan jarri nahian antolatzaileek oinarrizko printzipioak argi adierazi zituzten. Lehenik eta behin Topaketa hauetan edozeinek har zezakeen parte. Generoa ez zen inolako baldintzarik izango parte hartzeko. Ez eta pertsona bakoitzak zituen ezaugarri antropometrikoak ere. Argala, gizena, txikia, altua, … denek, 16 urtetatik gorako pertsona guztiek, aukera berdinak izango zituzten Xiba topaketetan parte hartzeko.

Bigarrenik Herrien arteko topaketek lotura zuzena zuten euskal kultura eta euskararekin. Topaketa hauek gure kultura eta hizkuntza  bizitzeko, emozioekin sentitzeko topaketak izan behar zuten.

Hirugarrenik, naziotasuna pertsonen arteko elkar-ezagutzatik landu eta sustatu nahi zen. Proiektuak, beraz, ezinbestean izan behar zuen nazionala.

Eta azkenik, txukun eta ondo antolatutako topaketak izan arren, maila konpetitiboa ahalik eta neutralizatuen egon behar zen, eta sailkapenaren arabera irabazleren bat bazegoen ere, amaieran antolatzen zen bazkari edota afarian parte hartzea guztientzat partizipazioaren errekonpentsa bilakatzen zen.

Zizurkilgo taldearen partizipazioa Herrien arteko topaketetan

Zizurkilek lehenengo unetik topaketa hauetan parte hartzea erabaki zuen. Egia esan, antolatzaileek asmatzen zituzten probetarako beharrezkoak ziren ezaugarrietan, Zizurkilgo hainbat pertsona soberan trebatuta zeuden. Esan beharra dago antolatzaileek, partizipazio zabala sustatze aldera, indarra bai, baina baita zehaztasuna edo punteria, dantza edota hainbat kasutan zoria eskatzen zituzten hainbat proba asmatzen zituztela ere.

Zizurkilgo taldea berehala osatu zen eta entrenamendu hitza erabiltzea gehiegizkoa bada ere, hainbat prestaketa saio egin ziren. Kezka nagusia honako hau zen: “plazan lan txukuna” egitea.




Comentarios

Entradas populares de este blog

Agurra