Emakume kirolariak

Kirola eta emakumea

Jendartean generoaren eta sexuaren arabera egiten diren rol banaketa sozialen inguruan hika-mika asko pizten bada ere, kirola zer den zehaztea oso zaila eta korapilatsua den galdera da. Estereotipoz beteriko eremua da kirola. Estereotipoak ez dira sexuen banaketaren arabera soilik ematen, sexu bakoitzean ere oso prototipo zehatzak daude eta. Egun jendartean kirolaren inguruan zenbait estereotipo unibertsal bihurtu dira, hala nola argala, gihartsua, arina, konpetitiboa izatea, edozein gauzen gainetik irabazle izatea. Ezaugarriek osatzen dute, besteak beste, mundu osoan zehar hedatuta dugun kirolariaren prototipoaren irudia.

Fisiologia eta anatomia dira kirolean aritzeko oinarrizko bi arlo. Bi zientzia hauetan sexuak eragin handia du; izan ere, sexuak norberaren sistema hormonala zehazten du eta, horren arabera, pertsonaren garapen fisikoak norabide bat hartzen du.

Hori dela eta, kirola eta berdintasunaren aldarrikapena elkartzea oso zaila dela azpimarratu nahi dugu, berdintasuna kirolaren jardueraren bitartez lortzen diren emaitzekin lotzen bada behinik behin.

Kirola eta berdintasuna edozein kirol praktikatzeko aukerarekin lotu beharko lirateke. Kirola eta berdintasuna, kirol jarduera ludikotzat duen edozein pertsonak, egunerotasunean rol banaketa horretan aukera eta eskubide berberak izan beharko lituzke.

Tesi honen lanketaren prozesuan Zizurkilgo herrian egon diren eta dauden emakume kirolariei protagonismoa eman nahi izan diegu. Asko dute kontatzeko, beraien esperientzia oso baliagarria da kirolean ere emakumearen presentzia eta protagonismoa aldarrikatzeko.

Lanaren atal hau emakume hauentzat guztientzat omenaldia izan dadila, beraz.

Emakumea eta kirola

“Citius, altius, fortius”. Hauek izan ziren Pierre de Coubertinek 1896an Atenasen, Joko Olinpiarren aro modernoa inauguratzeko erabili zituen hitzak. Latinez esandako hiru hitz hauek “azkarrago, altuago, indartsuago” adierazi nahi dute; alegia, kirol konpetiziorako erabiltzen diren oinarrizko hiru gaitasun motorrak adierazten dira: abiadura, potentzia eta indarra. Latinezko esapide honen bitartez Pierre de Coubertinek, berak zituen misoginia irizpideei eutsiz, haratago joan nahi izan zuen eta Jokoak generoaren arabera sailkatzeko oinarria ezarri zuen. Izan ere, generoak ezartzen duen morfologiaren arabera, konpetizio arloan “Citius, altius, fortius“ esapidearen bitartez, gizonezkoen gaitasunak lehenesten dira eta emakumeak, berriz, nekez iritsiko diren gailur baten aurrean sailkatzera kondenatuak izan dira eta dira gaur egun ere.

Emakumeak orokorrean, mendebaldeko jendartean tratamendu sexista pairatu duela esatea guztiz zilegia da. Sexu baterako edo besterako hainbat kirol jarduera egokiagoak edo desegokiagoak direla orokortuta dagoen estereotipo nagusia da. Horrela, kirolean sexua aldagai baztertzailea bihurtzen da, eta gizonak, gizona izateagatik abantaila gehiago ditu.

Kirolaren esparruan gorputza bi sexuen arabera antolatu ohi da, gizona eta emakumea; alegia, genitalak dira sailkapen honen oinarri nagusi. Baina zer gertatzen da ez bat eta ez bestea, edota biak batera agertzen diren kasuetan? Oso zalapartatsua eta adierazgarria izan zen Caster Semenyaren kasua. Atleta sudafrikar honek, emakumea izan arren, gizon batek sortzen zuen testosterona maila zuen odolean. Epai horretan Nazioarteko Atletismo federazioak ordura arte sexuak sailkatzeko erabiltzen zuen genitalen irizpidean aldaketa onartu zuen eta Caster Semenyak atletismoan beste emakumekin lehiatzeko, ordura arte derrigorrean emakumeei ezartzen zitzaien testosterona kopuruaren langa aldatu egin zen. Beraz, Caster Semenyari beste emakumeei bezala lehiatzen jarraitzeko aukera eman zitzaion.

Kiroletako ekintzak jendarteak gorputzarekiko duen kontzepzio kulturalaren isla izaten dira. Sexua, paradigma orokor gisa, gorputza eta bere funtzionalitatearen arabera garatzen joan da. Emakume baten gorputzak balore biologikoa (ugalketa) duen bitartean, gizonaren gorputzak balore utilitarioa (lan-tresna) hartzen du. Hori dela eta, gizonezkoei onartuko zaizkie emakumeei ukatuko zaizkien hainbat jarduera.

Gogoeta honen arabera kirola baztertzailea izan dela esan daiteke. Kirolaren inguruan paradigma bat garatu, zabaldu eta egonkortu da. Kirolaren edozein mailatan, kategoriatan eta munduko edozein herritan ere, ez dagoela parekidetasunik ikus dezakegu.

Urrats handiak eman dira diskriminazioari aurre egiteko baina bizitzako esparru ezberdinetan emakumea, emakume izateagatik, “kristalezko sapaiarekin” topatzera kondenatuta egon da eta dago.

Kiroletan aritzeko asmoa duen edozein emakumek, traba gehigarri bat kudeatu beharko du bere bizitzan: kirolean dagoen sexismoa.  Horrela, Alatznek, une batean, zirt edo zart, kirola ala familia hautuaren aurrean aurkitu zela kontatu digu. Edo Aitziberren kasua, nahiz eta lasterketen ezaugarriak neska eta mutilen artean berdinak izan, sariek, oraindik ere, ezberdinak izaten jarraitzen dute. Pilotariak diren nesken egoera ere larria da . Elkarrizketatu ditugun kasu guztietan, beraien bizitzaren une batean horren gustukoa zuten eskupilota alde batera utzi behar izan dute neskak izateagatik 

Gaur egun, oraindik ere, kirolak gure jendartean dauden balore androzentriko eta patriarkalak izaten jarraitzen du. Badago ukaezina den parekidetasunaren aldeko jarrera berri bat, baina testuingurua eta eredua maskulinitatea izanda, emakume asko, kirolak duen estatusak inposatzen duen exijentzien arabera, une batean edo bestean bide hori lantzea merezi duen ala ez zalantzan jartzera iristen dira.

Kirola eta gorputza

Gaur egungo gizartean emakumearen gorputzak, estereotipo baten barruan sartu beharra dauka. Hori kontuan izanik, esan beharra dago kirolean ere emakumearen gorputza oso epaitua izan dela. Kirolari profesional bat izateko saltoa egitean, adibidez, edota egin gabe, gorputzak aldaketa handiak pairatzen ditu, muskulatura gehiago nabaritzen hasten baita, eta hori ikustera ere ez gaude ohituak, emakume finaren kanonetik ateratzean edozein motatako ezizen eta erantzun jasan behar baititu emakumeak. Horregatik, gorputz perfektu batean ez dagoen edozein emakumek, gehitutako zama  bati aurre egin beharko dio. 

Kasu gehienetan, goi mailako kirolariak txikitatik hasten dira gustuko duten kirolean trebatzen, eta adin zehatz batean, hau da, nerabe direnean, zailtasun handiak izaten dituzte haien kirolean konpetizio mailan jarraitzeko. Egoera orokorra da, gizonei zein emakumeei gertatzen zaiena da, izan ere, gero eta maila handiagoa erakutsi behar da, azken finean, umea zaren bitartean, konpetizioa jolas modura ere hartu daiteke eta. Nerabezaroan gazte gehienek bizi guztian egin duten kirola alde batera uzten dute, konpetizioa ez delako helburu nagusiena izan, umetan kirolean aritzea aisialdian denbora pasatzeko ekintzatzat  hartzen baita. Baina adin batetik aurrera hori aldatu egiten da, eta zer esanik ez emakumeen artean. Emakumeei arazo guztiak bikoiztu egiten zaizkie, bai bizitzan baita kirolean ere.

Edozein neskatilaren gorputza aldatzen den neurrian, kirol arloan, zenbat eta gehiago garatu gorputza, orduan  eta zailagoa izango da umetatik trebatutako kirol horretan aurrera jarraitzea. Lehen aipatu bezala, nerabezaroan mutilaren gorputz eredutik gehiago aldentzen da emakumearen gorpuzkera eta, horrek, konpetizio mailan gizonentzat jarritako arau eta neurriak ez betetzera eramaten du. Eta egoera hau ez da sortzen emakumea ez delako gai izaten, arazoa sortzen da araututako neurriak ez direlako emakumeentzat eginak izaten.

 Kirola eta nerabetasuna

 Nerabe izatean, lehen aipatu dugun moduan, emakumeen gorputzak zerikusi handia izaten du jasaten diren komentarioekin. Hori horrela izanik, nerabezaro fasea edozein emakumeren bizitzan garai gogorrenetako bat izaten da, emakume baten gorputza guztiz aldatzen da, umetan izandako  gorputza alde batera uzten delako. Fase hori edonorentzat gogorra baldin bada, kirolarientzat  oraindik eta gogorrago bihurtzen da. Kasu honetan, gorputza aldatzean goi mailako kirol askotan muskuluak ere garatzen joaten dira, eta emakumeen gorputzak eskematik at geratzen dira.  

Oraindik ez gaude ohituta  bolumen handiko muskuluak dituen emakume bat ikustera, eta horrelakoetan, emakumea beste "bandora" pasatzen dugu, maskulinoen bandora, baina, hala ere, inoiz ez da bando horretara ere iritsiko. Hasieran aipatu dugun  bezala, gizarte hau bi generotan banatu ohi da, kontzeptu binarioa hartzen da kontuan, hau da, emakume eta gizonen arteko banaketa erroraino geureganatuta daukagu, eta honen aurrean banaketa drastikoak egiten dira. Horregatik, emakume gihartsu bat ikustean, aztoratu eta era guztietako konotazioak jartzen zaizkio eta, emakume maskulinoa, deitzea izaten da ohikoena. Eta okerrena da, kritikak jaso dituen pertsona ezerezean geratzen dela; izan ere, ez baita emakumeari ezarritako eskematan sartzen, baina era berean ere, inoiz ere ez da gizonezkoen pare geratuko. 

Ezin da ukatu, gorputzaren inguruko irizpide zein sentimenduetan  ere aldaketa eta hobekuntza asko egon direla, egun emakume asko dira beraien gorputzarekin gustura eta harro sentitzen direnak. Hala ere, oraindik oso barneratua daukagu emakume finaren eta gizon gihartsuaren kontzeptua, eta horrekin hausten ez den bitartean, arazoa errotik aldatzen ez den bitartean, arazoak hor jarraituko du, nahiz eta aurrera pauso ugari eman.

Nerabe izatean, lehen esan bezala, arazo handiena gorputzaren eboluzioa izaten da, baina horretaz gain, badago, kontuan hartu beharreko beste oztopo handi bat. Nerabe izatean hautu handi bat egin behar izaten dute gazteek. Orain arte aisialditzat hartu duen jarduera fisiko hori konpetizio mailara pasatzea edo alde batera uztea erabaki beharko du nerabeak. Umea izatean, gorputzaren garapena hasi ez delako,  gizonak zein emakumeak gehienetan batera ibiltzen dira kirolean. Nerabezaroan, berriz, gizartean egiten den zatiketa nabaria, kirol mailan ere asko antzematen  da. Gorputzaren eboluzio horretan, emakumeei ate asko ixten zaizkie, kirol askotan, ez baita profesional izateko ere biderik egoten.

Horixe bera pasa zitzaien Ainhoa Lakuntza, Leire Perurena, Ane Maiza, Itxaso Erasun eta Janire San Sebastian  pilotari zizurkildarrei ere. Aipatutako azkeneko hiru pilotariek esan zigutenez, 13 urte zituztela, ezin zutela pilotan segi esan zitzaien, emakumeentzat antolatutako txapelketarik ez zegoela esanez, eta jadanik mutilekin ere ezin joka zezaketela adieraziz.

Kasu honetan argi eta garbi ikusten da kirolaren mundua, gizonezkoak sortutako mundua dela. Gizonentzat egokitutako arauak lehenetsiko dira, eta aintzat hartzekotan, beti gizonaren maila erakutsi beharko da. Kasu horretan emakumea ezin iritsirik arituko da beti. Hainbat faktoreren ondorioz, gaur egun bost pilotari hauetatik batek bakarrik jarraitzen du frontoietan konpetitzen.

  Bost pilotari hauei frontoia ez uzteko eta palan hasteko eskaintza egin zitzaien, eta horrela bost pilotariak palan hasi ziren. Janire San Sebastianek esaten duen moduan, palan beste giro bat bilatu zuten, denak emakumeak ziren eta askoz ere babestuago sentitzen ziren. Hala ere, Janirek palan ibiltzeari ere utzi egin zion, ez baitzaie jarraitzea batere erraza jartzen. Anne Maizak, gastuei buruz galdetzean ere horixe esaten zuen, orain elite mailan ibilita, partiduetan zerbait irabazten omen dute, eta honekin, garraioa behintzat ordain dezakete, baina inoiz ez dira irabaziekin geratuko, Aneren esanetan behintzat, palan aritzea, jokatzea ez da gastua izango.

Kirola eta amatasuna

Emakume batzuk bizi duten beste garai edo fase bat  ere aztertu beharko genuke, hots, amatasuna, kirolean ama izateko erabakia hartzeak ere muga asko jartzen ditu eta. Emakumea, ama, eta gainera kirolaria izatea, meritutzat hartu beharrean, askotan epaitua izan da, gizartearentzat hiru faktore horiek ez baitira bateragarriak. Behin ama izatean beraien kirola alde batera uzten duten kasu asko eta asko eman dira munduan eta, zer esanik ez, Euskal Herrian. 

Hasteko bi egoera bereiztu behar direla iruditzen zaigu. 

Ama izatean, ezinbestean denboraldi batean kirola uztea oso ohikoa izan da, haurdunaldiko une batzuetan ezin baita kirolik egin, eta gero ere umearekin egoteko beharra ere guztiz zilegia da. Behin ama izanda, beste lehentasun edo motibazio batzuk izatea ere oso normala da, Alatznek, segalari eta aizkolari profesionalak, argi esan zigun zein izan zen elite maila uzteko arrazoia: “Askotan bizkarreko lesioa aitzakia bat bezala erabili dudala iruditzen zait. Benetan nire seme alabengatik erretiratu naizela iruditzen zait, orain beste gogo batzuk baititut. Asteburuetan segan edo aizkoran ibili behar nuenean beti gurekin ibili dira, baina behin koskortzen hasita, seme-alabek eskolaz kanpoko ekintzak, planak...dituzte, eta nik ere horren parte izan nahi dut, eta hori maila honetan ibiltzean ez zen posible”.

Baina lehentasun eta printzipio aldaketa hauek alde batera utziz, emakumea kiroletik aldentzera eramaten duen bigarren faktore bat ere egon, badago. Behin ama izanik, kirolaria ere izatea ez dago hain ondo ikusia. Inondik ere ez da berdina aita edo ama izatea, gizon gehienen kasuan, guztien kasuan ez esateagatik, kirola uzteko arrazoi nagusia ez da aita bihurtzearena izaten. Baina emakume izanda, kirolean aurrera segitzeko hautua egiterakoan ezinbestean osagarriak izan beharko dira ama eta kirolaria izatea.







Janire San Sebastian:


  • 1999-08-19
  • Palista
  • 1. maila

Itxaso Erasun

  • 1999-08-05
  • Palista
  • Elite maila





Anne Maiza


  • 1996-07-07
  • Palista eta pilotaria
  • Emakume pilotari pilotan eta elite maila palan



Alatzne Etxaburua

  • 1978-02-10
  • Segalaria
  • Lehenengo mailan. Urrezko aizkora irabatzita



Aitziber Ibarbia

  • 1977-06-26
  • Mendi lasterketetako kirolaria
  • Mundialetako lasterketetan

Lurdes Gorostegi
  • 1979-11-02
  • Halterofiliako kirolaria
  • Munduko txapelketa



Maitane Aburuza

  • 1992-02-03
  • Palista
  • Munduko txapelketa








Comentarios

Entradas populares de este blog

Agurra