Herri Kirolak

Herri Kirolak: herritik sortutako kirolak

Herri Kirolak munduko edozein kulturak garatu duen ezaugarria da. Modu unibertsalean herri kirolak kulturaren zati bat direla dela esan daiteke. Edozein herrik pertsonen arteko mugimenduaz gozatzeko beharra adierazten du, baita pertsonen arteko erronkak botatzeko beharra ere.


Edozein herrik ere inguruaren araberako jolas eta joko ezberdinak garatzen ditu. Oso ezberdinak izango dira izotz eta elur giro batean edo basamortuan garatzen diren jarduera ludikoak. Zizurkili dagokionez, natura eta naturan aurki daitezkeen elementu naturaletan ez ezik, jarduera industrialetan oinarrituta ere garatu dira jokoak gaur arte.


Jolas eta jokoak jatorriz, beraz, ez dira unibertsalak. Jolas eta joko bakoitza murgiltzen den kulturaren sare sinbolikotik sortzen da. Sare sinboliko honen arabera, jolas eta jokoek hartzen dituzte ezaugarri nagusiak, hala nola espazioarekin dagoen harremana, denboraz egiten den erabilera, beste pertsonekin sortzen den komunikazioa eta, azkenik, objektuak, tresnak duen balorea eta erabilera. Egia esan, Euskal Herrian jolas eta jokoetan dagoen sare sinbolikoaren azterketa hasi besterik ez da egin, eta garrantzitsua litzateke euskal kulturarekin lotura zuzena duten jolas eta jokoak sare sinbolikoaren arabera aztertzea eta sailkatzea. Sare sinbolikoak jolas eta joko guztiek duten barne logikari erantzuten dio. Horregatik diogu jolas eta jokoak bat datozela eta armonian daudela komunitate baten kulturarekin.



Baina zein da Herri Kirolak izendatzeko deiturarik zuzenena?

Orokorrean hiru era ezberdinetan kalifikatzen dira herri kirolak: Jolas eta joko autoktonoak, tradizionalak  eta  herrikoiak.

Autoktono kontzeptuak jarduera baten denbora zein lekuaren kokagune zehatza adierazten du. Autoktono delako deitura, beraz, interesgarria izan daiteke herri batek dituen ohiturak eta horiek duten jatorria aztertzeko (lan antropologikoaren ildotik). Baina kultura guztiek historian zehar elkarren artean harremanak/trukeak izan dituztela aintzat hartuta, kultura bati jarduera batzuk lotzeko erabiltzen den autoktono delako hitza, ez al da zeharo baztergarria?

Tradizional delakoak gauza edota jarduera baten transmisioaren prozesua adierazten du, alegia, ahozko transmisioa, bereziki guraso eta seme-alaben artean ematen den gertaera historikoen, ezagueren, sinesmenen, jardueren eta abarren transmisioa. Azken batean, iraganetik datozkigun ohituren transmisioa.

Jolas, joko edota kirol tradizionala esaten diogu belaunaldiz belaunaldi denboran zehar transmititu den jarduerari. Ildo horretatik, beraz, epe historiko batean guztiz eraginkorrak izan diren jolas, joko eta kirolez mintzo gara.

Jolas eta joko herrikoiak kolektibitate batean praktika adierazten du. Pertsona, talde edo multzo batek, kokagune geografiko batean jolas, joko edota kirol bat praktikatzen duenean, orduan jarduera hori herri horrena dela baiezta daiteke. Herri jolas, joko edota kirol hori praktikatzen duenak, talde horri buruzko informazio baliotsua eman diezaguke. Giza talde hori sektore sozial bateko pertsonek osa dezakete (umeek, helduek, emakumeek, gizonek...) baita kokagune geografiko bateko kideek ere (goiko auzokoek beheko auzokoen aurka).

Jolas eta joko herrikoiak eta tradizionalak

Jolas, joko edo kirol bat herrikoia izateaz gain, tradizionala ere izan daiteke, baina horrela izan dadin, giza talde baten adierazle izan behar da eta denboran zehar tradizio luzekoa izan behar du. Esate baterako, nahiz eta jolas, joko eta kirol bat tradizionala izan, herrikoia izateari utz diezaioke/liezaioke. Egoera horrek adierazten du belaunaldiz belaunaldi transmititutako jarduera, gaur egun praktikan ia galduta dagoela.

Alderantzizko kasua ere ematen da. Izan badira jarduera berri batzuk, zeinak pertsonen arteko multzo batean arrakasta handia izan dezaketen, baina berriak direlako, belaunaldiz belaunaldi transmititzeko denborarik ez dute izan.

Joko bat denboraren poderioz kokagune bakar batetik beste lurraldeetara zabaltzen denean, joko horren barne arauek batasun osoago bat (formalizazioa) hartzen dute, eta, orduan, joko horrek kirol-kategoria hartzen duela esan ohi da.

Baina kirol horien hedadura geografikoa txikia denean, orduan herri-kirolak edota kirol tradizionalak direla esan ohi da. Eta hemen zalantza bat sortzen zaigu: hedadura murritza ala zabala den esateko zein da erreferentzia geografikoa? Kulturaren dimentsioaren arabera nazioen erreferentzia geografikoa, ala gizartean duen eraginkortasun politikoa dela medio, estatuen erreferentzia geografikoa?

Jolasak, jokoak eta kirolak maila soziokulturaletik begiratuta

Jolasa eta jokoa kultura baten lekuko diren ekimen sozialak dira. Onartzen badugu gizartea gizabanakoek osatzen duten multzoa dela eta horiek sortzen duten harremanaren kokagunea dela, kultura gizabanako horiek duten ezaugarrien batura da.

Horrela, beraz, garaia kontuan hartuz eta lekuaren testuinguruari erreparatuz, gizabanakoek loturak eta harremanak izateko duten era berezia adierazten dute jolasek eta jokoek, gainerako adierazle soziokulturalek adierazten duten bezalaxe.

Etnomotrizitatearen (Parlebas) edota etnoludologiaren (Caillois) kontzeptuen arabera, jolasa eta jokoa hitzak kulturaren eta inguru sozialaren esanahia eta harremana adierazteko oso jarduera onak dira.

Jolas eta joko tradizionalen balio hezitzailea

Herritarrei, gure arbasoen kultur ondarearen berri emateko tokirik onena ikastetxea da. Horren berri eman eta, gainera, kultur ondarea errespetatu eta suspertu egiten da. Ikastetxeetan, ikasgeletan eta hainbat kultur adierazpenetan irakasleak, ikasleen eta horien gurasoen eta aitona-amonen ekarpenak gogoraraziz eta berrituz, kultura hori guztia berreskuratzeko gai badira, galdutako denbora guztia epe laburrean berreskuratu ahal izango da. Horrenbestez, berehala ohartuko gara kultur ondasunaren defentsa errito, magia, jolas, joko eta dantza terminoen esanahien ezaguera kontzeptuala baino askoz gehiago dela.

Horren guztiaren eguneroko praktikak erakutsiko du, herritarrek aisialdian zenbateraino erabili behar dituzten kultur-adierazpen horiek.

Kirol globalizatzaileen balioak.

Gure gizartean gaur egun dagoen kirolari buruzko ikuspuntua era kritikoan aztertu behar da. Zoritxarrez, kirolaren kontzeptuak tradizioarekin zeukan loturatik asko urrundu da. Kirol-kontsumo kontzeptua gero eta zabalduago dago gazteen artean, eta, askotan, balio unibertsalei lotu behar litzaizkiekeen ezaugarriak balio globalizatzaileei lotzen zaizkie. Leku guztietan berdin ikusi eta bizi behar da kirola. Umeek zein helduek, emakumeek zein gizonek balio berberak erabiliz egin behar dute kirola. Kirol globalizatzaileek homogeneizatzeko joera dute, eta aniztasuna aberastu beharrean lehen mailako eta bigarren mailako kirolak bereizten dituzte.

Euskal kultura eta kultura unibertsalaren arteko integrazioa eta oreka.

Kirola jolasen eta jokoen perspektibatik aztertzen bada, jarduera ludikoak kulturaren adierazpide bat direla argi geratuko da. Ikuspuntu hori gogoan, jolas eta jokoen hetereogeneizazioa bultzatzen bada, herri baten kultura beste herrietako kulturei zor zaien errespetuan landuko da. Kultura bat ez da beste bat baino gehiago, ezta gutxiago ere; kultura ondasun unibertsala da, eta guztiak errespetatuz kultura guztien arteko oreka lortzen da. Euskal Herriko eta, oro har, munduko jolasak eta jokoak erakusbide onak dira gu guztiak horretaz jabetu gaitezen.



Manuel Erasun






Alatzne Etxaburua




Comentarios

Entradas populares de este blog

Agurra