Udalaren kirol kudeaketa

 


Zizurkilgo udalaren kirol instalazioak eta zerbitzuak kudeatzeko eredua

Zizurkil herri txikia da eta urtetik urtera sortu zaizkion beharren arabera, udala bere kirol politika zehazten joan da. Herriak dituen baliabideak mugatuak direnez, maiz inguruko beste udalerriekin sinergiak bilatu behar izan ditu. Hala ere, ezin da esan gaur egun oraindik ere gaia egonkortua dagoenik. Kirol sistema azpiegituraren antolaketa baino haratago doan kudeaketa da eta, zalantzarik gabe, zerbitzu publikoaren irizpideak kontuan hartuz, herritarrek haien osasunerako lagungarri izan daitekeen politika aztertu eta garatu behar dute.

 Hari horretatik tiraka, gaur egun Euskal Autonomi Erkidegoko administrazioan herriei ezartzen zaien Kirol politikaren azterketa xumea egitea interesgarria dela iruditzen zaigu. Hona hemen konpartitu nahi dugun hausnarketa.

Kirol politikaren kudeaketa ereduak (Apirilaren 2ko 7/85 Legeak)

Maiz, udalak erabaki beharreko egoera dikotomiko batean aurkitzen da: zein motatako kudeaketa hautatzen du: zuzena ala zeharkakoa?

Zuzeneko kudeaketaren ereduan, udalak berak ematen du zerbitzua, bere administrazio-organo baten bidez edo kapital guztia udalak daukan enpresa baten bidez, eta horrenbestez, jardueraren arrisku ekonomikoa bere gain hartuz.

Zeharkako kudeaketaren kasuan, berriz, udala bitartekari batetaz baliatzen da, bere administraziokoa ez den erakunde baten bidez ematen eta gidatzen baitu zerbitzua.

Alderdi ekonomikoa kontrolpean badago zerbitzua ez da kolokan jarriko, eta arrisku ekonomikoa Udalak kontratatutako kudeatzailearen ardura izango da.

Edozein kasutan, Oinarriei buruzko Legearen arabera, zerbitzua publikoa izango da.

Baina, zer ulertzen da Zerbitzu publiko izendapena entzuterakoan?

1. Jarduerak titularitate publikokoak dira (administrazioa eskainita).

2. Jarduerak erregularrak dira, jarraipena dute.

3. Herritarren eskubide bat dira.

Zerbitzua emateko, ordea, bide desberdinak daude, hau da, zerbitzua eredu anitzen arabera eman eta kudea daiteke.

Horrela, zerbitzu bat bitarteko edo zeharkako organo baten bidez emateak edo kudeatzeak ez du suposatzen eskumena ez baliatzea edo zerbitzuaren titularitatea inoren esku uztea, beraz, ez du zerikusirik pribatizatzearekin. Pribatizatzea saltzea da, eta zeharkako kudeaketan ez dago ezer salgai.

Zeharkako kudeaketa jardule pribatu baten esku uzten da, baina zerbitzuaren eta azpiegituren titularitatea zein kontrola eta gida-lerroak Administrazioaren ardura dira, nahiz eta jarduleak tarte handia daukan baliabideak antolatzeko orduan.

Zer da eta zer betekizun du arlo publikoak gizartean?

Errealitate bat da gero eta diru gehiago behar dela udalen kirol politika gauzatzeko. Ondorioz, tokian tokiko ogasunak gastu horiei eutsi ezinda suertatzen dira.

Maiz herritarrek kirol instalazioez duten ikuspuntua bezero baten ikuspuntua denez, kudeaketaren nahia eta exijentzia ere zorrotzagoa izaten da.

Beraz, esandako guztia aintzat hartuz, Administrazioak giza baliabideak kudeatzeko prozesuak eguneratu eta antolaketaren kontzeptuak aldatu (deszentralizazioa, jarduera helburuen arabera gidatzea, ebaluaketa, informazio sistemak) beharko lituzke. Gaur egungo bezeroaren ikuspuntua gainditu beharko litzateke eta arlo publikoaren kalitatea, herritarrekin elkarrekintzan sortzen den kalitaterako planak sustatu beharko lirateke.

Eraginkortasun handiagoa lortze aldera, premiazkoa da Udalean zeharkako komunikazioa eta elkarlana bultzatzea, guztion artean eraginkortasun handiagoa lor dezagun.

Kudeaketa ereduaz erabakitzeko prozesuaren inguruan gogoeta bat.

Etengabe aldatzen ari den mundu honetan administrazio publikoa, eta bereziki udal mailakoa, berritze prozesu betean dago. Batzuetan elkartzen zailak diren bi helburu nagusi betetzen saiatzen da udala: errentagarritasuna batetik; zerbitzu kalitatea bestetik.

Azken urteotan administrazio publikoa aldatzen ari da, kudeaketa eredu eta era desberdinak berenganatuz, batik bat kirol alorrean. Gehienetan, administrazioaren aldaketa honek jarrera eta proposamen desberdinak eragin ditu.

Hartara, batzuk, iraganeko ikuspegi batean oinarrituta, sutsu aldarrikatzen dituzte jokaera tradizionalak, burokratikoak eta esku-hartzaileak, berrikuntzak dakartzan ekonomia planteamenduak arbuiatuz eta alde batera utziz.

Beste batzuk, kontrako muturretik eta eurak ere aurreiritzi sendoetan oinarriturik, eredua guztiz aldatzea eskatzen dute, administrazioa, gobernu erraldoia, burokraziaren motelkeria salatuz.... Muturreko ikuspegi horrek erabateko aldaketak nahi ditu alor publikoan, administrazioen eta burokraziaren geldikeria, baldarkeria eta moldakaiztasuna desagerrarazteko, baita merkatu librea eta pribatizatzearen aukera desagertarazteko ere.

Erdibidean, aurreko bien distantziakide, beste proposamen batzuk ere beharrezkotzat jotzen dute aldaketa, administrazioaren balioa baztertu gabe, ordea. Helburu publikoak lortzeko bide eraginkorrena eta eragingarriena zein den azaltzeko, herritarrei ahal den zerbitzurik onena emateko, hausnarketarako eta eztabaidarako ahalegin sakon bat egin behar da.

Eraldatze prozesuak oreka bilatu behar du bi alderdi hauen artean: batetik, kudeaketa publikorako beharrezkoa den eraginkortasuna (emaitzak, kalitatea, herritar-bezeroa...) eta, bestetik, zerbitzu publikoaren funtsezko balioak (etika, birbanatzea, gizarte-gaiak, partizipazioa...), udal politikak ezinbestekoa baitu oreka hori arrakasta izan dezan.

Zizurkilgo egoera

Herriak desberdinak diren bezala (txikiak, handiak...), haietako kirol azpiegiturak ere desberdinak dira (sakabanatuak edo ez, asko edo gutxi...), eta horrenbestez, ezin esan daiteke kudeaketa era bat bestea baino hobea edo okerragoa denik. Zizurkilgo kasuari erreparatuz, arazoak azaltzen dira, besteak beste, langile kopurua edo laneko kontuak direla eta... Horregatik, udalak bere politika berraztertu beharko luke, alorrean izan duen hazkuntza murriztuz eta, horrekin batera, herriko kirol klubak bultzatuz, elkarte horiei instalazioak kudeatzeko eta beren egiturak garatzeko aukera emanez,… Kirolerako Plan Estrategikoan planteatzen azaltzen den moduan.


Comentarios

Entradas populares de este blog

Agurra