Kirola eta Natura


Misterioa da naturak zenbait komunitatetan sorrarazten duen erakargarritasuna. Hainbat kulturatan natura urrun dagoen espazioa den bitartean, beste batzuetan, aldiz, babesleku bihurtzen da. Mitologian eta herri kondairetan, komunitateen arabera batzuentzat basoetan piztiak bizi dira, beste batzuentzat, berriz, une zailak gainditzeko energia eta aholkugune dira.

Natura kontenplazioa erakartzen duen zerbait da. Kaosetik sortzen den ordena estetikoak gure emozioak kitzikatzen dizkigu eta inor ez da axolagabe sentitzen naturak eskaintzen digun espektakuluaren aurrean. Kontenplazioa erakartzen duen zerbait da. Basoak, zuhaitzak, haizea, hostoak, euria, elurra, haitzak… argi-ilun, irudi eta hotsen armoniak gure ninietan, gure belarrietan eragin zuzena sortzen du.

Naturak ziurgabetasuna eskaintzen digu. Gizakiak hamaika ahalegin egin ditu natura ulertzeko eta bere konportamendua sekuentzia logiko batean ezartzeko, baina nekez lor daiteke xede hori. Naturak mila aldagai eskaintzen ditu eta pertsona etengabe egokitu behar da aldagai horietara. Horregatik naturarekin elkarrekintza sortzea da hain jostagarria, hain ludikoa. Esperientziaren bitartez espazio naturala gehiago edo gutxiago menpera daiteke, baina edozein kasutan, aldakortasunaren aurrean, pertsonak etengabe aztertu eta erabakiak hartu behar ditu. Arreta osoa behar da. Surflari bat olatuen gainean aritzen denean uhinen mugimenduarekin bat egiten saiatzen da, itsasoarekin fusionatu egiten da. Eskiatzaile batentzat ezberdinak izango dira beti egiten dituen jaitsierak, mugimenduak inoiz ez dira errepikatuko, doikuntzak etengabekoa izan behar du.

Baina ziurgabetasunarekin batera arriskuaren faktorea ere egon, badago. Kontrajarria badirudi ere, arriskuak badu erakartzen duen zerbait. Arrisku guztiak ez dira berdinak, noski. Ziurgabetasunarekin jolastea arriskuaren sentsazioa muga batera eramatean datza. Pertsonen arabera arriskua subjektiboa dela esan daiteke. Izan ere, pertsonak espazio naturalean duen trebetasunaren mailaren arabera, arriskuaren presentzia handiagoa edo txikiagoa izango du. Edozein kasutan, naturan egiten dugun jardueraren zailtasunaren arabera, bakoitzak duen maila eta trebetasuna sinkronizatzen denean, orduan ekintza hori guztiz “autotelikoa” dela esan ohi da. Ekintza autotelikoak beraz, ekintza egiteagatik sortzen duen gozamena adierazten du.

Pertsonak espazio naturalean ekintzaren bat egiten duenean egoera autoteliko horren bila doa. Egoera horretara iristean burmuinean ongizate sentsazioa pizten da eta duen trebetasuna ondo erabiltzeak eragiten dion kontrol sentsazioak aurrera jarraitzeko motibazioa areagotzen du.

Zergatik doaz mendizaleak arriskutsuak izan daitezkeen mendietara haien biziak hainbat unetan kinka larrian jarriz? Beraientzat egoera autotelikoa jarduera horretan aurkitzen delako, urteetan landutako trebetasunaren bitartez kontrol marra haratago eramateko beharra sentitzen dutelako. Arriskua horrela erabiltzea, batzuentzat arduragabekeria izango da; beraientzat kontrakoa da, arriskua beraien bizitzaren parte bat da, trebetasunaren bitartez kontrolpean dagoen arriskua, hain zuzen ere.


Zizurkil naturaz inguratuta dago. Umeentzat basoak, zelaiak, mendiak edota errekak betidanik izan dira jolastoki. Zalantzarik gabe, gaur egun kirol globalizatzaileak Zizurkilen nagusi badira ere, espazio naturalak eta mendiek erakargarritasun berezia sortzen jarraitzen dute.



Urkamendi, Zarate Aitz, Andatza, Ernio eta salto… oinen bultzadak munduan dauden beste toki, herri eta mendiak ezagutzera eraman ditu herriko gazte asko eta asko. Abenturazalea, kirolari sutsua, ameslariak, …, motibazio anitzak izan dira bidaia ederrak egiteko iturburu. Gaur egun hegazkina hartzea eta munduko beste punta batera joatea arrunta den bitartean, duela hamarkada gutxi herriak edota itsasoak zeharkatzeak espedizio baten tamaina hartzen zuen.

Zizurkildarrak munduko mendietan

Munduan zehar mendien edertasunak erakarrita bidaiatu duten zizurkildar guztien lekukotasuna jasotzea ez da batere lan erraza. Dena den, badira jaso daitezkeen hainbat eta hainbat mendi igora:

1989. urtean Mikel Egibarrek Aconcagua mendia igo eta jaitsi egin zuen 40 ordutan baino gutxiagotan.

1995. urtean Alaskan, 10 egunez bakarka eta trineo bati tiraka, oso tenperatura baxuetan (batzuetan 20, 30 zero azpitik) Mc Kinley tontorra zapaltzen saiatu zuen.


1996-97an Gorki eta Edorta Tormo Hego Amerikara abiatu ziren 6/9 hilabete igarotzera. Kordilera txurian Alpamayo mendia eskalatu zuten. 1999-2000 eta 2003. urteetan Yosemiteko hainbat bide eskalatu zituzten. Baita 2001ean Maliko “Fatimaren eskuako” bost orratz ere. Himalaian, Gorki Tormok “Trango tower” mendia eskalatu zuen. 2011. urtean Patagoniako Fitz Roy mendian igotzeko saiakera egin zuen Gorkik.


2006ko uztailaren 22an Aitziber Ibarbiak (Zizurkil, 1977), Iñaki Urkolak (Zizurkil, 1967) eta Kandido Urangak (Andoain, 1966; Zizurkilen bizi da) Himalaiako Gasherbrum II-ko gailurra zapaldu zuten…

Mendizaletasuna intimitatean egiten den jarduera bat denez, hainbat mendizalek ez dute gustuko beraien mendi ibilbideaz hitz egitea publikoki . Hori dela eta, azpimarragarriak izan diren Zizurkildar mendizale guztien irteerak jasotzea ezinezkoa egin zaigu.

Hala ere, ondoren aurkituko duzuen estekan munduko mapa interaktibora ikusteko aukera izango duzue eta bertan datu gehiago ere jasotzeko aukera ematen dugu.



Comentarios

Entradas populares de este blog

Agurra