Kirola Zizurkilen historian zehar

Kirola asmakizun berria dela esan dezakegu. Izakia gizaki den unetik, pertsonen artean ondo pasatzeko, dibertitzeko, edota norgehiagoka aritzeko jarduerak egon badira ere, kirola asmakizun modernoa dela esan daiteke, hau da, mende bat baino zertxobait gehiago duen asmakizuna da, hain zuzen ere.

Pierre de Coubertin-ek 1896. urtean Atenasen Olinpiar joko modernoen inaugurazioarekin batera, Kirolaren aro berri bat zabaldu zuen. Garai hartan, kirola oso esparru aristokratikoa bazen ere, jarraitzaileak herritar xumeak izaten ziren. Bretainia Handian garatu zen errugbiaren edota futbolaren bilakaera dira horren adierazle argienak.

Baina Kirol modernoaren aurretik zetozen joko tradizionalak “lerrokatzeko” esparru instituzionala ere bihurtu zen. Edozein jokori ez zitzaion kirolaren kategoria ematen. Horretarako arauak zehazteaz ez ezik, arau hauek estandarizatu ere egin behar izaten ziren; alegia, jokoa kirol bihurtzeko toki guztietan ahalik eta antzeko baldintzetan aritu behar zen.

Zer gertatu zen, beraz, tradizio luzea duten herri eta kulturetan? Bada, hasiera batean Kirola kanpotik “esportatu” behar izan zen eta bertakoari ez zitzaion aitortu berezko kirol izendapenik: Alde batetik apustuak zeuden; bestetik Kirola!

Eta Zizurkilen? Noiztik eta nola hasi zen Kirola zentzu modernoan garatzen? Galdera honi erantzuna eman nahian Teodoro Hernandorena elkartera jo dugu; izan ere, elkarte honen webgunea aztertu ondoren, gai hau ikertzeko argi izpiren bat jasoko genuen itxaropenez, elkarteko partaideekin bildu ginen. Eta beraien laguntzaz Teodoro Mujikarengana iritsi ginen: 92 urtetako zizurkildarra, hasiera batean Arrieta baserrian eta ondoren Iriarten bizitako herriko semea. Berarekin, bere ezagutza eta oroimenarekin, entziklopedia bat idatz zitekeen. Harri eta zur geratu ginen bere oroimenaren zehaztasunarekin, baita lerro hauetan jaso ditugun eta galtzear zeuden herriko hainbat kirol pasarterekin ere.

Edonola ere, Teodoro Mujikak esandako hainbat gertaera eta bitxikeria aipatu aurretik ezinbestekoa da argitzea zeintzuk diren Zizurkilen sorturiko errealitate sozioekonomiko ezberdinak.

Zizurkil, nagusiki, herri nekazaria izan da beti. Baina kapitalismoak eta industrializazioak herrian eraldaketa handia eragin zuen, XX. mendearen hasieran herria bi errealitate sozioekonomikotan bananduz: batetik, Oria ibaiaren inguruan 1911. urtean sortutako papelera fabrikarekin industrializazioa sartu zen; bestetik, gainontzeko esparru geografikoan nekazaritzak bere bidea garatzen jarraitu zuen. Egoera honek eraginda bi zonalde urbanistiko bereiztuz joan ziren: Ubare auzoa edota langileen auzoa, eta landako eremua edota baserritarren zonaldea.

Euskal Herrira futbola Britainia Handitik Bizkaiko portuetara eta meategietara (Britainia Handiko enpresak baitziren)  iritsi zela dokumentatuta dagoen bezala, futbola Zizurkil herrira nola zabaldu zen ez dago hain argi. Baina, dudarik gabe, lehen aipaturiko bi munduen arteko talka, nagusitzen joan zen, baita kirol eremuan ere.


Hona hemen Teodoro Mujikarekin egindako elkarrizketatik jasotako pasarteriko bat:

-“Teodoro, Zizurkilen zein Kirol adierazpen garrantzitsu gogoratzen duzu?”

-“Zizurkil herri xume eta langilea zen eta kirola baino, plazako jokoak, erronkak, apustuak egiten ziren. Lehendik zetorren pilota edota baserriko jarduerekin lotzen ziren joko tradizioak ere bazeuden. Kirola egiteko eremuak, instalazioak eta abar, nire ustez, 1943. urtetik aurrera sortu ziren. Urte horretan On Jose Maria Zubia, Oñatiarra, gure herriko apaiza zen. Gustukoa zuen pilota, baina elizaren hormak, nonbait, nahiko aldrebesak omen ziren pilotan aritzeko. Orduan elizak zuen sarrera babestua edota markesina zabaltzea erabaki zuen, bertan zegoen zutabea mugituz, gaur egun ezagutzen dugun “zimiterio” frontoia eraikiz. Oraindik ere, eraikuntza egokitua dela ikus daiteke”.

                                                            

Dena den, aurretik ere hainbat jarduera bitxi sortu ziren Zizurkilgo herrian. Hona hemen Teodoro Mujikak aipaturiko batzuk.

Borroka greko-erromatarra Zizurkilen

Gure herrian, XX. mendeko 20. hamarkadan oso jarduera bitxia sortu zen: bi pertsonen arteko borroka. Borrokak ez zeukan boxeoarekin zerikusirik, aitzitik, greko-erromatar estiloan oinarritutako borroka egin nahi izan zen; alegia, kolperik eman gabe arerioa menperatu eta tarte batean mugi ezinik lurrean mantendu behar zen. Igandeetan, eguerdian, herriko plazan izugarrizko espektakulua sortzen zen. Horretan Astaberekoa, Pantxikeneako semea oso trebea zen.


Aisialdirako bolatokiak nonahi…

Teodororen aitak gaur egun Arrieta etxea dagoen tokian zegoen txabola bat erosi zuen eta bertan etxea eraiki zuen1922. urtean. Etxea izateaz gain, ekonomato txiki bat ere zabaldu zuen Teodororen familiak eta barra txiki bat jarriz, kantinaren funtzioa ere betetzen zuen. Garai horretan oso ohikoa zen tragoxka bat hartuz jokorako birla jokoa eskura izatea. Birla jokoaren funtzioa guztiz soziala zen, lagunen artean tarta bat hartu eta, agian, mahaian zegoen erronda zeinek ordainduko zuen jokoan jartzen zen. Birla jokorako ez zen gauza handirik behar: 10-20 bider 3-4 metroko pasillo bat; 9 birla, bola eta lurrari lotuta egur puska luze bat (bola egurraren gainean jaurtitzeko).

Arrieta kantina ez zen Zizurkilgo bolatoki bakarra izan, baziren beste bizpahiru, hala nola Iriartekoa, Larregaingoa, kalean ere ba omen zegoen beste bat, …


Korrikalarien arteko apustuak

1926. urtean interes handia sortu zuen apustu bat izan zen gure bailaran. Zizurkilen oso korrikalari fina eta trebea zen Etxabe, Larregaingo baserriko Kaxildaren semea. Seguru aski txapelketetan ibilitako lehenengo korrikalari zizurkildarra izango zen, eta badirudi Espainiako txapelketetara ere iritsi zela!


Hauxe duzue Etxaberi buruz Teodoro Mujikak kontatutakoa:

-“Etxabe korrikalari trebea, oso pertsona xumea, apala eta isila zen. Egun batean Asteasutik desafioa iritsi zitzaion: “Aizak Etxabe”, harro-harro asteasuarra, “desafioa bota behar diat hiri”. Hori esan eta danba! Asteasuarrak mila pezeta mahai gainean jarri zituen. “Ezetz niri irabazi hire herriko elizatik nire herriko elizara korrikaldi batean…”. Etxabe bere aurpegi umilarekin asteasuarra begira-begira geratu zen. Bestea gehiago berotu eta… “aiba, beste mila pezeta”. Etxabek, erronka onartuz, ea 2000 pezeta horiekin nahiko izango zen galdetu omen zion, eta besteak… “beno, ba… beste 1000 pezeta”… “eta beste 1000…”. “Bale, bale gizona” esan zion Etxabek 4000 pezetagatik joango ez nauk bada Asteasuraino…”.

Apustuaren eguna iritsi zen. Gorputz eguna zen eta jende andana bildu zen Zizurkilgo zein Asteasuko plazan. Irteera eman bezain laster asteasuarrak aurrea hartu zuen. Etxabek korrikaldi ia osoa bestearen bizkarrari begira igaro zuen eta kalearen amaieran, Asteasuko eliza azaldu zenean ziztu bizian aurreratu zion eta Etxabe helmugaratu zen lehena.

Umil-umil baina harro jaso zituen Etxabek 4000 pezeta haiek!”



Herriguneko futbol zelaia

Gure herria txikia izan arren, garai batean bi futbol zelai zituen: bata behean, bestea goian. Herrigunean, udaletxearen aurrean zegoen zelai batean, egur puska batzuekin bi ate edota porteri egin eta umeak futbolean aritzeko behar zen oinarrizko espazioa sortu zen. Felix Gerestak maiz kontatzen du eskolatik noiz aterako zain egoten zirela futbolean aritzeko. Felix bertan trebatu zen eta urte batzuk beranduago, 1973. urtearen inguruan, Hernaniko futbol taldearekin bigarren mailan jokatzera ere iritsi zen. Bere ustez benetan ausarta izan behar zen “patata-soro” horretan aritzeko. Gainera, erabiltzen zuten baloiak ez zeukan zer ikusirik gaur egungoarekin: kasualitatez buruarekin baloiari jostura zuen tokian ematen bazitzaion, zorabiatzeko moduko kaskatekoa jasan behar izaten zen. Hori bai, benetan gozagarria zen partidua amaitu bezain laster Argurutze etxearen atzean zegoen iturri fresko eta naturaletik ura edatea.



Comentarios

Entradas populares de este blog

Agurra