Ainhoa Larrea, Zizurkilgo Kirol teknikaria: elkarrizketa

 


Zein da Zizurkilgo herritarrek jarduera fisikoarekin duten harremanaren egoeraren ezagutza?

Nik uste ezagutza maila ona dela. Udalak dituen azpiegituren arabera sustatzen du kirola. Bere momentuan apustu handia egin zuen Udalak Olaederra Kiroldegian eta horrek kirola garatzeko bide bat ireki zuen. Egia da horrelako azpiegiturak partekatu behar direla, baina horrek herritar askorentzat kirola praktikatzera Villabonara joatea suposatzen du. Hala ere, Kirol Sailetik, herriko taldeak sustatzeko lana egiten dugu eta herritarrek zein kirol mota praktika dezaketen jakiteko informazioa zabaltzen dugu. Gainera, Kirol Batzorde bat dago herrian eta bertan parte hartzen dute herriko kirol elkarte guztiek.

Zizurkilgo udalak ba al ditu kiroldegietako errolda datuak?

Bai, datuak baditugu.

eta kirol federazioenak?

Kirolari profesionalenak bai.

Zein da Zizurkilgo udalaren Kirol antolaketaren eredua?

Aipatu dudan moduan, herri txikia garenez, eta gainera bi herrigune izanik, dauzkagun azpiegiturak dira gure kirol eredua baldintzatzen dutenak. Azken hau aintzat hartuz, kontuan izan behar da Zizurkil beti izan dela oso herri kirolaria eta horrek mugimendu handia sortu du herrian. Hurrengo atalak aipatuko nituzke:

       Eskola kirola: hain herri txikia izanik bi eredu ditugu herrian martxan:

o   Foru Aldundiak sustatzen duen eredua: Otaño Ikastetxeak parte hartzen du eredu honetan.

o   ZEK: San Millan ikastetxeko familiek parte hartzen dute konpetiziotik ihes egiten duen eredu honetan.

 Umeen artean, Danena taldeak bere 3 alorretan taldeak sortu ditu: futbola, txirrindularitza eta halterofilia. Zizurkil goian Ziotza Pilota Eskolak lan handia egiten du umeen artean pilota sustatze aldera.

     Helduen artean, Olaederra kiroldegia da herriko erreferente nagusia, baina herrian kirol dinamika bat sustatzeko, Udaletik hainbat ikastaro antolatzen dira: helduentzat gimnasia, yoga, pilates, sabel dantza, ... Era berean, eta Intxaur Pilotalekua aprobetxatuz, emakumeen arteko pala ikastaroek tradizio luzea dute.

    Orokorrean herritarren artean kirola sustatzeko ekintzak egiten dira, kirol desberdinak herrira gerturatuz eta kirol konpetizio desberdinak antolatuz: Gau Krosa; errugbia, txakur-krosa, sega txapelketak, herri Kirolak, e.a.

 Zein izan da gaur egun dagoen kudeaketaren bilakaera historikoa?

Zizurkilgo Udalak Kirol Saila duela 18 urte sortu zuen eta geroz eta erronka gehiago dituen Saila dela esango nuke.

Zein da Kirolerako aurrekontu orokorretik eskaintzen zaion aurrekontua (zenbaki absolutoa eta erlatiboa)?

Zizurkilgo Udaleko aurrekontu orokorra 3.372.370 eurokoa da.

Kirol sailak kudeatzen duen gastua (ekintzak) 30.470 euro dira.

Kontratatuta dauzkagun begiraleen kostua urtean 10.000 eurokoa da gutxi gora behera.

Kirol Saileko langileen kostua erantsi beharko litzaioke honi eta kirol instalazioetako mantenu eta berritze lanak ere bai.

Ez da erraza kirol instalazioen gaia kuantifikatzea, baina 60.000 bat mila euro bideratuko ditu Udalak kirol gaietara.

Zein kirol instalazio kudeatzen ditu Zizurkilgo udalak?

       Olaederra Kiroldegia.

       Intxaur Frontoia.

       Otañoko Frontoia.

       Danena Futbol Zelaia (futbol zelaiaren kudeaketa Danena elkarteak hartuta du bere gain, hitzarmen bidez).

       Atxulondo eta Iriarteko Kultur Etxeetako aretoak erabiltzen dira ikastaroak eskaintzeko.

       Espazio irekiak: mantenua egiten du, baina ez dago kudeaketa berezirik: Zimiterioa, frontoi aldameneko saskibaloi kantxa, Ubare auzoko multikantxa.

 Zer motatako gestioa erabiltzen du instalazio hauek kudeatzeko?

       Olaederra Kiroldegia: Kirolzer enpresak kudeatzen du zerbitzua eta Villabonako Udalak egiten du jarraipen nagusia.

       Bi frontoiak Udalak kudeatzen ditu zuzenean.

       Kultur Etxeak Udalak kudeatzen ditu zuzenean.

       Danena Futbol Zelaia: Danena elkarteak kudeatzen du.

Zizurkilgo udalak ba al dauka Kirolerako plan estrategikoa?

Plan estrategiko idatzirik ez dugu, baina Foru Aldundiaren Plan Estrategiko orokorra jarraitzen dugu, Foru Aldundiko Kirol Sailak finkatzen dituen bileretan parte hartuz.

Zein izan da Zizurkilgo Kirol Plan estrategikoaren bilakaera historikoa?

Duela 18 urte hasi ginen Ildo hau lantzen, eta bide bera jarraitu dugu denbora guzti honetan.

 Zein da udalak herriko kirol elkarteekin duen harremana?

Harremana oso zuzena eta egonkorra da. Kirol Batzordea da harreman hau mantentzeko modua eta bi hilean behin biltzen da batzordea. Bertan, herriko kirol elkarte guztiek (edo ia guztiek) parte hartzen dute. Urtean zehar talde bakoitzak bere dinamika jarraitzen du, baina abenduko Kirol Astea guztien artean antolatzen den ekimena da.

Zein da Zizurkilgo udalak herritarrek jarduera fisikoa egin dezaten sustatzen duen politika?

Lan ildo desberdinak jarraitzen ditugu, herritar guztiek kirol jardueraren bat praktika dezaten sustapena eginez:

    Umeen artean eskola kirola programek umeen artean kirola egiteko ohitura sortzea dute helburu nagusi eta kirol desberdinak ezagutzeko aukera eman nahi zaie. Eskola kirolak lantzen dituen kirolaz gain, herrira kirol desberdinak hurbiltzeko ahalegina egiten dugu.

  Emakumeen artean kirola sustatzeko lanketa berezia egiten dugu, kirola praktikatzeko aukera desberdinak eskainiz (emakumeentzat korrikako entrenamenduek adibidez, urte asko daramatza Aitziber Ibarbiaren zuzendaritzapean; edo emakumeak palan ekimenak ere urte mordoa daramatza Intxaur Frontoian). Era berean, Kultur Etxeetan antolatzen diren ikastaro desberdinek emakumeak erakarri nahi dituzte kirol mota desberdinetara.

  Adinekoen jarduera fisikoa: bi Kultur Etxeetan antolatzen dira helduentzako gimnasia ikastaroak. Hirugarren adina eta kirola lan ildo garrantzitsua da. Jubilatu elkartearekin bidegorriko paseoak ere sustatu ditugu azken bi urteotan.

     Kirola orokorrean praktikatzeko txapelketa desberdinak sustatzen dira herrian: Gau Krosa, adibidez.

Adin tarte guztietara iristea da gure helburua eta guztiontzat kirola osasungarria dela zabaldu nahi dugu.


Comentarios

Entradas populares de este blog

Agurra