Eskola Kirola

Ohikoa da pedagogia hitza, automatikoki, hezkuntza “programatuarekin" erlazionatzea. Ematen du orduz kanpoko jardueretan pedagogia ez dela existitzen: “kirolak hezkuntzaren eremua gainditzen duenez, kirol praktiketan trebatzea da inportanteena!”. Azken urte hauetan ikastetxe batzu konfiantzaren pedagogian murgilduta daude, zeinaren bidez, hezkuntza komunitatearen patrimonio bezala lantzeaz gain, haurra den horren hartzaile eta protagonista zuzena.

Rafael Cristobalen (konfiantzaren pedagogiaren bultzatzailea) hitzetan: “La palabra recreo intuye que a través de él me creo de nuevo”. Astia ez da “sobratzen den denbora”, aisialdiaren bidez jasotako esperientzia guztien artean burmuinean interkonexio berriak sortzen dira eta horrek pentsamendua sortzeko indarra du. Hauxe da edozein konpetentziaren oinarria: “konpetentea sentitzen naiz, beraz, mundua esploratzeko prest naiz!”.

Duela hamarkada bat, jarduera motorrean oinarrituta bultzatzen zen aisialdiaren alorrean, bazeuden kirol kontzeptu zurrun horretatik ihes egiteko korronte indartsuak. Egun, berriz, kirolak, kontzeptu dominatzailea gisa, aurrera jo du eta aisialdirako programatzen diren jarduera motorrak gero eta urrunago daude heziketaren esparrutik.

Eskola kirola hezitzaileak, konfiantzaren pedagogian oinarriturik, komunitate baten barruan aritzea du xede nagusia. Bertan lagunek, gurasoek eta begiraleek elkarlanean bizitzen, jolasten eta ikasten dute. Heziketa ez da soilik “jakitun” baten ardura. Adin eta belaunaldi ezberdinen arteko harremana aberasteaz gain, komunitatearen sentipena sendotu egiten da. Komunitate batean egoteak ziurtasun afektiboa dakar eta giro hori egonkortzen denean edozein egongo da prest esploraziorako eta, beraz, bere esperientzia positiboa izateko aukera handitu besterik ez da egiten.

Mugimendua askatasuna da! Neurozientziak gero eta argiago defenditzen du edozein pertsonak, edozein adinetan eta bereziki haurtzaroan, bi bide dituela egoera berriei, hau da, ziurgabetasunari, aurre egiteko; batetik sena, bestetik gogoa. Ziurgabetasuna sormenerako aukera paregabea da; baita, akatsak, hanka sartzeko ere. Biak ala biak elkarlotuta daude; hanka sartzeko aukera inoiz ezin da izan motibazioa gutxitzeko arrazoia, kontrakoa baizik, hanka sartzea arazoei aurre egitea da, gure egunerotasunarekin bat egiten duen ikasgai interesgarria da.

Zizurkilgo Eskola Kirola hezitzailea

Ez da kasualitatea Zizurkilgo herrigunean 2004. urtean hainbat herriko eragileren artean Zizurkilgo Eskola Kirola sortu izana. Kirolaren teknifikaziotik urrunduz eta pertsonen arteko harremana eta elkar ezagutza indartu nahian, herriguneko hainbat gurasoren artean egitasmo berri bat martxan jartzeko gogoa piztu zen.

Egitasmo honen antolaketa oso bat-batekoa izan zen:

-“Aizue, zer iruditzen zaizue horrelako egitasmoa martxan jartzen badugu?”

-“Bai, ados, baina nik ez daukat inolako ideiarik, ez dakit horrelako gauzak nola antolatzen diren…”

-“Lasai, eginez ikasten joango gara eta gogoa dagoen bitartean ziur ondo aterako dela”.

Gurasoen artean egin ziren lehenengo bileretan oso giro aktiboa somatzen zen, denak zeuden prest zerbaitetan parte hartzeko.

Eskola Kirola hezitzailearen ezaugarri nagusiak

Lehendabizi Eskola Kirol hezitzaile batek eduki behar zituen ezaugarriez hitz egin zuten.

Zizurkilgo Eskola Kirolak hainbat neurri hezitzaile hartu zituen. Horrela laburbildu daitezke ezaugarri nagusi horiek:

       Edozein kasutan emozioen kudeaketa da jarduera guztien orubea.

Ez zioten garrantzi handirik ematen kirol teknifikazioari. Bai, ordea, gauza ezberdinak probatzeari. Jarduera fisikoak eta ludikoak aberasgarriak izan behar ziren, eta bertatik sortzen zen esperientziak, ikasgaiak, norbera elikatzeko zein taldea indartzeko balio behar zuen.

       Mugimendua eta motrizitatea dira elkarrekintzarako euskarri nagusiak.

Mugimendua komunikatzeko bide bat da. Taldean aritzeko gorputzak eskaintzen dituen komunikatzeko gaitasun motor nagusiak erabili nahi izan zituzten. Bereziki urtaroen araberako jarduerak antolatu zituzten (elurra, izotza, ura, belazea, basoa, …).

       Elkarbizitzak eta elkarlaguntzak komunitatearen sentipena indartzen du.

Esperientzia motorrak indibidualak badira ere, horien bitartez gutasuna, taldekidetasuna, komunitatearen sentipena sortzdea zen helburuetako bat. Eta  jolas eta jokoak, horretarako, tresna ezin aberasgarriak  dira.

       Ludikotasunaren bidez dinamika sozial anitza bultzatzen da.

Jolas eta jokoek pertsona egoera ezberdinetan jartzeko aukera eskaintzen dute. Alaitasuna, frustrazioa, ahalegintzea, … sentimendu hauek guztiak taldean konpartitzen dira, taldea egin, egiten da.

       Jarduerak naturan garatzen ahalegintzea zen ezinbesteko beste ezaugarri bat eta, beraz, haurrak naturarekin duen elkarrekintza etengabe sustatzea.

Gure herriak duen ezaugarri nagusienetarikoa naturaren presentzia da. Natura bizitzarako eskola izatearekin batera, natura gune ludikoa ere bada.

       Naturaren espazioan aritzeak ziurgabetasuna kudeatu beharra dakar.

Naturarekin elkarrekintza sortzen dugunean, berarekin dugun harremana oso anitza da. Naturak eskaintzen dituen egoera aldakorrek gauzak egiteko aukera eta sekuentzia ezberdinak ahalbideratzen dituzte. Naturaren ezaugarrien arabera etengabe egokitu behar gara, denbora guztian gure ingurua irakurtzen ahalegindu behar gara. Espazioak duen egoera aldakor honek kudeatu beharreko ziurgabetasuna pizten digu eta ziurgabetasun hau modu hezitzailean bideratuz gero, arazoei aurre egiteko ikasgai ona izan daiteke bizitza osorako.

       Arriskuaren onarpenak emozioen kudeaketarako gaitasuna indartzen du.

Espazioaren ziurgabetasunak  burmuina alertan jartzen du. Egoera berriek gure burmuinean arriskuari aurre egiteko mekanismoak pizten dituzte. Arriskuak, beraz, badu hezitzailea duen eremu interesgarria.

Oinarrizko antolaketa

Lehenengo unetik, hastapenetik, saioak antolatzen hasi zirenetik, haurrak sailkatu ala ez erabaki behar izan zuten. Alde batetik, zalantzarik gabe, komunitatea indartzeko denak batera aritzea zen aukerarik onena; baina, bestetik, haurren adina eta adin bakoitzak duen garapen maila errespetatuz, beraien arteko harremana ere bermatu behar izan zuten.

Bi nahi edota ezaugarri hauei aukera bat eman nahian, saioak hiru adin multzoren arabera banatzea erabaki zuten baina, hilean behin irteera bateratu bat egiten saiatu ziren.

Hiru multzo ezberdinak honako hauek ziren:

       6-8 urte (LH 1-2)

       8-10 urte (LH 3-4)

       11-12 urte (LH 5-6)

Programazioa

Lehenik eta behin urtean zenbat saio antolatuko zituzten zehaztu behar izan  zuten. Izan ere, horrelako egitasmoak haurrentzat oso aberasgarriak izanagatik ere, haurren aisialdirako ezin dira prestatu denbora gehiegi eskatzen duten jarduerak. Hori dela eta, urtean multzo bakoitzari 20 saio eskaintzea erabaki zuten. Eta horretaz gain, bakoitzari ekintza berezi baten inguruan asteburu bat eskaini zitzaion.

Ekintza berezi hauen bitartez, urtaroek eskaintzen dituzten ezaugarriak modu ludikoan gozatzeko aukera eskaini nahi izan zien Eskola Kirolak Zizurkilgo haurrei. Ez da beti erraza gurea bezalako herri txiki batean eskiatzen, surfeatzen, eskalatzen,… ikastea. Beraz, eskolaren bitartez umeei bide hori erraztu nahi  izan zitzaien.

Begiraleak, bidelaguna.

Ez zen erraza izan begirale edo bidelagunen inguruko eztabaida. Egitasmo honen bitartez harremanak eta komunitatea bera indartu nahi bazen, ekintzen kalitatea eta, bereziki, segurtasuna ere bermatu beharko zuten.

Zizurkilen bertan dauden hainbat kirol elkarteren aburuz, kirolariak trebatu egin behar dira eta hastapenetik lanketa teknikoa garrantzitsua izan daiteke. Gurasoen artean beste ikuspuntu bat zuten. Haurrak jarduera motorreko ekintzetan modu anitzean eta dibertigarrian trebatu behar dira. Horrela, agian ez  ziren punta-puntako kirolariak izango baina gutxienez jolas eta jokoetan aritzeko ohitura bizi guztirako barneratuta izango zuten.

Bidelagunak, beraz, gurasoak izatea erabaki zuten. Horrela gurasoek, beraiek erosoago sentitzen ziren jardueran bost saio eman beharko zituzten.

Zizurkilgo Eskola Kirola hezitzailearen lan filosofia

Zizurkilgo Eskola kirola gurasoen artean sortu zuten eta hasieratik gauzak txukun egin behar zituztela argi izan zuten. Baita Eskola kirolak izan behar zuen filosofia ere.

Garai hartan guztion artean aztertu, eztabaidatu eta adostutako puntuak dira jarraian aurkituko dituzuenak:

-1, Xede nagusia ondo pasatzea da, emaitzak lortzea bigarren mailakoa da.

-2, Helburua ez da irabazle izatea partehartzaile izatea baizik.

-3 Kooperazioa bultzatu behar da, bazterketak saihestu.

-4, Guztiei aukera berdina eman behar zaie.

-5, Sexu bazterketarik ez!

-6, Adierazpenak beti izan behar dira baikorrak.

-7, Arauak argiak izan behar dira eta oso ongi ezagutu behar dituzte.

-8, Zigorrik ez!

-9, Elkarbizitza laguntzeko neurri “diziplinario”-rik hartu behar baldin bada arrazoitua izan behar du.

-10, Jarrera asertiboa zer den ulertaraziko zaie beraiekiko jarrera bera erakusten.

-11, Begiralearen behaketak beti objektiboa izan behar du.

Jardueren azalpena

Hainbat izan ziren landutako jarduerak. Gehienak ondorengo 8 multzotan antolatu zituzten:

1, Euskal Jolas eta Jokoak

Euskal kulturan oinarrituriko jolas eta jokoen bitartez, euskara eta Euskal Herriaren ezagutza ere indartu nahi izan zuten.

Jolas eta joko gehienak taldean egiten direnekoak ziren. Dena den, banakakoak ere egiten zituzten.

Hasieran esandakoaren haritik, helburua ez zen kirol jakin baten inguruan teknifikazioa lantzea. Xede nagusia aniztasuna zen, hau da, jolas eta jokoen bitartez trebetasun orokorrak esperimentatzea, bizitzea, lantzea.

Horretarako tresna ezberdinak erabili ziren. Jolas bakoitzak aldagai asko izan ditzake eta aldagai hauek tresna ezberdinak erabiliz aberastu egiten dira (eskia adibidez: alpinoa, ipar eskia, trineoa, …).

2, Pilota

Pilota, gure herrian oso errotuta dagoen jolas eta jokoa da. Frontoien presentzia handia da. Pilota jolasak haurraren trebetasun motorrerako aukera anitzak eskaintzen ditu. Horiek guztiak landu nahian honako metodologia erabili zuten:

Kolpearen keinu teknikoa menperatu aurretik pilota harrika teknikarekin jauzi eta lau egoera hauen arabera jolas ezberdinak egin zituzten:

a, Ni eta pilota (tresna)

b, Ni, pilota (tresna) eta espazioa

c, Ni, pilota (tresna) espazioa eta kidea

d, Ni, pilota (tresna), espazioa eta bestea

Haurrek pilota jotzeko oinarrizko teknika bereganatzen zuten heinean, egoera hauek ere landu zituzten:

a, Ni eta pilota (tresna)

b, Ni, pilota (tresna) eta espazioa

c, Euskal pilotan sartzen diren modalitate ezberdinak

3, Euskal jolas eta jokoak / Munduko jolas eta jokoak

Jolas eta jokoak herri baten kultura ezagutzeko zubi izan daitezke. Norberaren kultura zein munduko beste kulturak pertsonen arteko harreman ludikoetatik pizten direla diote hainbat adituk. Haurrei eskaintzen zaien jolas eta jokoak egiteko unean jolas eta joko horiek nondik datozen, herri horiek dituzten ezaugarriak zernolakoak diren …  dena azaldu behar zaie.

Joko hauek banaka edo taldekakoak izan zitezkeen.

Jolas eta joko tradizional eta unibertsalen arteko ezberdintasuna zein zen ere ulertarazi zitzaien haurrei, beste herrietako kulturarekiko errespetua sustatu nahian.

4, Oinarrizko motrizitatea

Mugimenduaren bitartez nork bere burua ezagutu, koordinatu, esperimentatu:

       Desplazamendu ezberdinak

       Errotazioak

       Jauziak

       Zintzilika

       Euspenak (orekak)

       Oreka horizontala

5, Orientazioa

Espazioaren behaketari, inguruaren irakurketari proxemika deitzen zaio. Espazioan orientatzen jakitea mapa eta iparorratza erabiltzea baino gehiago da:  inguruan ditugun elementu guztiak integratzea eta orden baten arabera interpretazio bat lortzea da orientatzea. Horrela, hasieran ziurra ez den espazioa, denborarekin ziurra bihurtzen da.

Ondoren, orientaziorako hainbat teknika sartzearekin batera (mapa, iparorratza,…), jarraian azaltzen ditugun xedeak lantzen saiatu ziren:

       Lehendabizi herrian, gero inguruan, ondoren mendian.

       Espazioaren errepresentazio abstraktua errealitatera eramatea.

       Espazio ziurretatik ez ziurrera igarotzea.

       Iluntasuna / Kobazuloa

       Mendi irteera (gaua mendia)

       Bertikaltasuna / eskalada

       Inguruko mendiak ezagutzea

6, Trebetasun eta gaitasun orokorrak

Jolas eta joko ezberdinez baliatuz, gorputzaren gaitasun fisiologikoak garatzen saiatu ziren: indarra, erresistentzia, abiadura, malgutasuna eta koordinazio orokorra.

7, Dantza

Dantza pertsonaren adierazpenerako esparru interesgarria izateaz ez ezik, taldean harreman eta konexio aberasgarria sortzeko aukera ere eskaintzen du.  Hori horrela izanik, urtean zehar herrian ospatzen diren jaiei begira, modu praktikoan dantza jakin batzuk irakatsi ziren, hala nola:

       Plazako oinarrizko dantzak ikasi

       Azeri dantza

       San joan dantza

8, Joko-kirolak 

Boleibola, Saski baloia, Errugbia eta Eskubaloia bezalako joko-kirolak ere praktikatu zituzten.




Comentarios

Entradas populares de este blog

Agurra