Jolas-Joko-Kirolaren bilakaera Zizurkilgo herrian

Kirolaren bilakaera historikoa, edozein herritan, ondare kulturala bilakatzen da. Gaur egun kirola kontzeptuaz ezagutzen duguna ez da beti horrela izan. Garai hauetan kirolaren fenomenoari esparrua formal, antolatu eta ia guztiz instituzionala dela aitortzen badiogu ere, ez da beti horrela izan. Kirola jatorrian ludikotasuna izan daitekeen multzo handi batean sartzen zen; alegia, ongi pasatzeko erabiltzen zen denbora eta egiten ziren ekintzak. Herri bakoitzak badu bere tradizioa, badu bere ibilbidea. Zizurkilek ere badu berea.

Ondorengo lerroetan Kirolaren fenomenoaren inguruko hurbilketa antropologiko xumea eskainiko dizuegu: Zizurkil herriak bizi izan duen garapen ekonomiko sozialaren arabera, ludikotasunak ere, azkenean kirol bihurtzeko izan duen bilakaera historikoa.

Zizurkil: bi mundu herri batean

Zizurkil historikoki herri nekazaria izan da. 50-60 hamarkadan garatu zen industrializazioa zela eta, Zizurkilgo herriaren izaera aldatzen joan zen eta herria jarduera ekonomikoaren arabera, bi zonaldetan banatu zen: herrigunea nagusiki nekazari izaten mantendu zen bitartean, Elbarrena industrializatzen joan zen.

Kirolaren bilakaeran eta garapenean oso lotura estua izan du bereizketa honek. Eremu nekazarian baserria oinarria bada ere, zonalde industrializatuan, modernitatearekin batera, elkarteak dira oinarri.

Baserrietan ludikotasuna uste baino egituratuago dago eta egituraketa horretan generoaren banaketa zehatza da. Baserrian ludikotasuna zirkulu kontzentrikoen arabera antolatu ohi da.

Lehenengo zirkulu kontzentrikoa heziketa eta transmisioa dela esan genezake. Emakumearen protagonismoa erabatekoa da eta emakumeak etxeko haurrengan duen eragina handia da. Ipuinak, hitz, jolas eta kantak, mahai jolasak, … “sutondoko” ekimen ezberdinen  giroan garatzen da ludikotasuna.

Bigarren zirkulua baserriaren inguru hurbilean legoke. Hemen ere emakumearen presentzia nagusitzen da eta bere jarduera ume eta gazteekin lotuta dago. Jarduerak mugimenduan oinarritzen dira, jolas motorretan, alegia. “Baratzaren” inguruan garatzen da ludikotasuna.

Hirugarren zirkulua konpartitua da eta pertsonen arteko elkar ezagutza ahalbideratzeaz gain, generoen arteko harremana ere bidera dezake. Hirugarren espazio honen jarduera nagusia lana da, baina nekazaritzaren ikuspuntu tradizionalaren arabera, lana eta aisialdiaren arteko bereizketa ez da jendarte industrializatuetan ematen den bezain zatitua eta lanarekin batera badira une ludikoak ere. “Soroa” da espazio honen prototipoa eta helduak zein nerabeak aritzen dira bertan.

Laugarren zirkulu kontzentrikoa ziurgabetasunean oinarritzen den espazioa da. Naturak du protagonismo nagusia eta espazio horretan murgiltzeko inguru horren ezagutza handia behar da. Lanerako espazioa ere bada, aurrekoan bezala lana eta aisialdia guztiz lotuta baitaude. Tradizionalki, baserritik urruntzen goazen heinean gizonen presentzia nagusitzen da. Ziurgabetasuna maiz misterioan oinarrituriko kondairekin lotuta egon da, ziurgabetasunak bizitza propioa izango balu bezala. “Basoak” irudikatzen du laugarren espazio hau  eta gizonezkoen espazioa izateaz gain bertan helduek bakarrik dute tokia. Hara ailegatzeko “iniziazio erritoa” beharrezkoa izan daiteke.


Bostgarren eta azken espazioa eremu publikoa da. Eremu publikoa “herriko plazarekin” lotzen da eta hemen ere gizonezkoen presentzia nagusitzen da. Ludikotasunaren arabera, plazan erronkak eta apustuak egiten dira eta baserriaren izena eta ohorea era publiko batean goraipatu beharra dago.







Jolasa, Jokoa ala Kirola

Dagoeneko hainbat aldiz aipatu ditugu kirol eta joko hitzak, ez horrenbeste, berriz, jolas hitza. Errepara diezaiegun beraz, maiz nahasten ditugun hitz hauen arteko ezberdintasunei eta ezaugarriei.

Jarduera ludikoa izan daiteke kirola irudikatzen duen kontzeptu onena. Ludikotasuna pertzepzio bat da, pertsonak bizi duen sentipena. Jarduera ludikoa egiterakoan egoerak berak gozamena sorrarazten digu eta sentsazio honek jarduera hori berriro errepikatzera bultzatzen gaitu.

Kirolari baten lehenengo motibazioa jarduera ludikoetan oinarrituta sortzen dela esan dezakegu, “umeen parketatik sortzen dira biharko kirolariak!”.

Kirola ez da jolasa; jokoa kirolaren mundura garamatzan bidea izan daiteke. Jolas-joko-kirola, argitu beharreko kontzeptuak dira.

Kirola jokoaren garapena dela esan daiteke. Esan bezala, jokoan lehiak bai ala bai egon behar du, nahiz eta jokoaren arauak gutiz formalak ez izan. Jokoaren arauak bi aktoreren artean finkatzen diren bitartean, kirolaren esparruan jarduerak oso finkoak dira eta arauak guztiz instituzionalizatuta egoteaz gain, kirol federazio bat arduratuko da arau hauek bermatzeaz.


Herri batean dauden eremu ludikoak oso adierazgarriak eta erabakiorrak izaten dira jolas, joko edo kirol jarduerak egin ditzagun. Herriguneko San Millan eskola ondoan dagoen parkea, adibidez, guztiz bideratuta dago umeen jolaserako. “Danena” futbol zelaia, berriz, dugu kirola, futbola egiteko herrian dugun erreferente argiena.

Kirolariak sortzeko, beraz, haur, ume eta gazteak ludikotasunaren filosofian hezitu behar dira. Heziketa horretan ludikotasuna pertsonaren gozamenaren oinarria izanik, motibazioak kirolari izatera bultza dezake. Horregatik maiz talka egiten dute bi norabideek: batetik, kirol hezigarria, bestetik, kirol teknifikazioa. Lan honetan eskola- kirola edo kirol eskolaren inguruan gure herrian egon diren esperientziak aztertzeko aukera izango dugu.



 

Comentarios

Entradas populares de este blog

Agurra