Zizurkilgo Jolas, joko eta eta kirol guneak

Zizurkilgo espazio ludikoaren azterketa

Aurreko orrietan esandako guztiaren ondoren, azpimarra daiteke Zizurkilen dagoen espazio ludikoak ez diola plan orokor bati erantzuten. Zalantzarik gabe ludikotasunean oinarritutako jarduera fisikorako instalazioak eta guneak egon badaude, baina hauen sorrerak une eta garai ezberdinei erantzuten die eta, ondorioz, egun duguna inolako irizpide globalik gabe sortutako gune hauen batura besterik ez da.

Gune hauek ez daude espazio urbanistikoan txertatuta. Gehienetan, “soberan” dauden espazioei erabilera zehatza eman nahian, espazio horietan bertan instalazio ludikoak eraiki egiten dira. Gure herrian, gune horietako batzuk ez dituzte betetzen bete beharko lituzketen funtzioak. Bulandegi bidearen hasierako (errotonda) etxeen atzeko aldean dagoen umeen parkea oso gutxi erabiltzen da. Bulandegi bidearen beste aldean Zezen plaza deitzen zaion etxeen atzean dagoen frontoiak ere eraiki zen garaiko proiektu urbanistikoari erantzuten dio, ez benetan zonalde horretan dagoen behar ludikoari. Zer esanik ez, herrigunearen kasuan. Pello Mari Otaño plaza elkargune ludikoa izan beharrean, trafikorako bidegurutze bihurtu da. Herrigunearen parkea bi eraikinen artean “txokoratuta” egon arren, plazak bete beharko lukeen funtzioa egiten du, bertan haurrak eta gurasoak biltzen dira behar sozial bat dagoelako.

Zizurkilek duen ezaugarri positibo bat naturaz inguratuta egotea da. Herriko edozein tokitik metro gutxi egin behar dira gune urbanizatuetatik aldentzeko eta naturan murgiltzeko. Horretarako azpimarratzekoak dira herrian dauden bi bidegorri: bata, Asteasu aldera doana, bestea Aduna-Villabona Bulandegi auzotik igarotzen dena. Gainera, herriko bazterrak ezagutzeko hainbat mendi ibilbide ere egon, badaude. Ibilbide hauek, gainera, herriko hainbat arlo tematikoez osatuta daude (karobiak, mugarriak, mendi tontorrak, elur-zuloak, …).

Hala ere, bide hauen inguruan bi aipamen egin behar dira. Lehenengoa da herri barruko desplazamendurako barruko bideak edo loturak modu ziur eta atseginean egiteko dagoen hutsunea, bereziki herrigunea Elbarrenarekin lotzeko bideak. Bigarren aipamena mendi ibilbideen mantenuari buruzkoa da, izan ere, ezinbestean bide hauek zainduta eta irekita mantendu behar dira, bestela, denborarekin eta naturaren indarrarekin bide hauek erabilezinak bihurtzen direlako.


Guneen katalogoa


Espazio publikoa toki ludikoa bihurtzeko ahalegina

Espazio ludikoaren azterketa egin aurretik, zein den espazio ludikoen erabilera eta funtzioa argitu beharra dago.

Espazio ludikoa aisialdiaren espresiorako gune egokitua da. Batzuetan ez da aparteko azpiegiturarik behar, besteetan, berriz, eremua urbanistikoki birmoldatzeko ezinbestekoa bihurtzen da. Horregatik aisialdiaren esanahiaren baitan askatasuna eta planifikazioaren arteko dikotomia egongo da beti. Edo, beste era batean esanda, pertsonak bere gozamenerako behar duen espazio ludikoaren erabilera eta administraziotik aisialdia orokortuz eraikitzen dituen espazio ludikoak.

Espazio ludikoek oinarrizko antolaketa behar dute. Aisialdia gozamenaren sentipenarekin lotzen denez, lehenengo faktorea beti pertsonala eta indibiduala izango da. Baina aisialdia jolasarekin ere lotuta dago eta, beraz, aisialdia besteekin partekatzean gozamenerako iturri bat ere izan daiteke. Hala ere, aisialdia inbertsioa ere bada. Eta inbertsioa guztiz lotuta dago errentagarritasunarekin. Horretarako aisialdiak duen beste faktore garrantzitsua planifikazioa da. Administrazioak herritarrei zerbitzu hau eskaini nahian, aisialdiaren garapenerako zenbait inbertsio egin ditu eta planifikazioaren bitartez  errentagarritasuna ateratzen saiatzen da.

Ekintza dibertigarria

Ekintza dibertigarriak ezinbestean bi ezaugarri bete behar ditu: batetik, boluntarioa izan behar da eta, bestetik, gozamena sortu behar du. Inor ezin da behartu ekintza dibertigarria egitera, izan ere, behartze horrek automatikoki alde ludikoa desegiten baitu.

Ekintza dibertigarriak esperientzia pertsonalak dira, baina batentzat dibertigarria dena, beste batentzat desatsegina izan daiteke.

Dibertitzeko denbora

Arazo bat da pentsatzea dibertitzeko dugun denbora soilik egunean bete behar diren jardueren ostean geratzen den denbora librera mugatu behar dela. Uste oker honetatik dator aisialdia eta dibertimenduaren arteko erlazioa, ia sinonimoak direla pentsatzera iritsi arte. Pentsamendu hau zortziko eskemaren arabera eraikita dago: 8 ordu lanean, 8 ordu lo egiteko eta 8 ordu aisialdirako.

Errealitatea aipaturiko eskema honetatik oso urrun dago. Izan ere, hainbat jarduera, nahiz eta ordainduak ez izan, lanarekin parekatzen dira (zaintza, …) eta dibertitzeko eremua bertatik kanpo uzten badugu, gure egunak, horrela, egun ilun eta tristeak bilaka daitezke.

Horrela bada, ezinbestekoa da 24 ordu horietan ezaugarri eta ekintza dibertigarriak sartzea. Nahiz eta lanean egon, lana izan dadila ere gozamenerako unea.

Dibertitzeko edota ludikotasunerako espazioa

Esperientzia dibertigarria une eta gune batean bizitzen dugun sentipen bizipen ludikoa da. Espazioak asko baldintzatu edota lagunduko du bizipen hori erabatekoa izan dadin. Espazio batzuk trantsiturako antolatuta dauden bitartean, beste batzuk espazio horietan gelditzeko eta gozatzeko eraikita daude. Espazio hauek esperientzia intimo eta pertsonala ahalbideratzen dute, baina esperientzia partekatzeko eta, beraz, sozializatzeko ere oso aberatsak dira.

Espazio ludikoa izan daiteke ere espazio publikoa errespetatzeko eta defendatzeko tokia.

Espazioak “toki” bihurtu: espazio publikoari gehitu ahal zaion balore ludikoa

Espazio publikoa pertsonek espazio horretaz egiten duen erabilerarekin lotuta dago. Espazio publikoa toki soziala izateko, pertsonek gune horri esanahi metaforikoa eman behar diote. Espazio bat toki bihurtzen da pertsonarentzat gune horrek sortzen dizkion bizipenen bitartez esanahi berezia hartzen duenean.

Hendersonek eta Flelkek, espazioa toki ludikoa bihurtzeko eman beharreko trantsiziorako, zazpi irizpide erabiltzen dituzte:

1, Espazio betegarria

Espazioa ekintzak egiteko gunea da. Hainbat ekintza egiteko espazio bati esanahi bat emateaz gain bere espazioa ekintza hori aurrera eramateko antolatu ere egiten da. Denborarekin espazio hori jarduera zehatz baterako toki bihurtzen da, orduan tokia sozializatu egin dela esaten da eta ildo beretik kulturaren barruan sartzera iritsi daiteke

2, Deserrotzea

Gure jendartean mugitzeko eta toki batetik bestera joateko dagoen joera ikusita, pertsonek egonkortasuna eskaintzen duten tokiak nahiago dituzte gero eta gehiago. Seguru aski, pertsonek jolasteko, erlazionatzeko eta besteekin elkarrekin bizitzeko espazio zehatza nahi dute.

Aisialdiak espazioak deserrotzeko aukera handia eskaintzen du, izan ere, aisialdian esperimentatzen ditugun esperientziek tokiari bizipenaren arabera esanahi berezia ematen diote.

Horren bitartez pertsonen artean konexio berezia sortzen da eta espazio publikoa desplazamendurako izatetik (toki batetik bestera joateko) bertan egoteko toki bilakatzen da, esperientzia gozagarriak bizitzeko eta konpartitzeko toki erreferentzial batean bihurtzen da.

3, Tokia eta denbora

Gauzen identitatea espazio-denbora elkarrekintzetatik sortzen da. Orokorrean ez gara horretaz jabetzen baina egiten dugun guztiak espazio-denbora egitura bat behar du.

Kultura kontsumitzeak, espazio jakin batean denbora erabiltzea suposatzen du. Denbora mugimendua da, tokia eten bat.

Toki batekin sortzen dugun atxikimendua, ematen dugun denborarekin eta denbora horretan esperimentatzen dugun bizipenekin erlazionatuta dago.

4, Tokia eta egoera mentala

Toki bati ematen diogun esanahia pertsonaren gogoan sortu eta gorde egiten da. Irudikapena eta sormena ezinbestekoak dira tokia esanguratsu bihurtzeko. Horretarako aisialdia oso fenomeno indartsua da. Hasiera batean tokiaren ezagutza barne sentsazioekin sortzen da eta sentsazio horiek tokiarekin lotutako irudiak sortzen dituzte pertsonaren gogoan. Ez dago esan beharrik oso sentsazio ezberdinak izango direla aisialdian edo lanean sortutakoak.

5, Identitatea eta harreman soziala

Tokiek sortzen dituzten harreman sozialak dinamikoak direlako, espazioak ez dira gune estatikoak. Komunitatea toki batekin lotu daiteke, beti ere, toki hori identitate kolektibo batekin irudikatzen bada. Fenomeno sozial guztiek espazioari garrantzi handia ematen diote.

6, Tokia eta boterea

Espazioa boterearekin erlazionatuta dago. Espazio fisikoek, eta horietaz dugun pertzepzioak askatasuna edo errepresioa sortzeko indarra dute. Ez dago espazio publikorik pertsonak ez badira espazio horrekin identifikatuta sentitzen. Espazioak pertsonen arteko harremana zehazten du, eta bere baitan genero eraikuntza soziala ekoiztu eta berrekoiztu egiten da.

Bestalde, ezin da gutxietsi espazio publikoak kudeatzeko garaian, kontrolatzeko, segregatzeko eta esklusioa sortzeko duen eragina.

7, Tokiak eraikitzeko aisialdia

Aisialdirako espazioak toki esanguratsuak izan behar dira ezinbestean. Esanguratsua izateko, prozesua espazioaren lanketa oraindik egitasmo soila denean martxan jarri behar da. Partizipazioa nola eta norekin gauzatuko da? Zein motatako harreman soziala sortu nahi dugu toki horretan? Zeinek emango dio jarraipena tokiaren esanahiaren bilakaerari?,… galdera asko egin daitezke proiektua oraindik diseinu fasean dagoenean.

Ondorioak

Administraziotik espazio publikoaz orokorrean eta espazio ludikoaz bereziki egiten den lanketa, gehienetan ikusmolde arkitektoniko, urbanistiko eta tekniko batetik ematen da. Baina normak jarraitzeak ez du beti proiektu batek duen xede nagusia bermatzeko aukerarik eskaintzen. Espazio publikoa toki ludiko eraldatzeak ez du soilik urbanismotik dauden segurtasun arauak aplikatu behar direla esan nahi. Ez dago zalantzarik segurtasuna ezinbestean kontuan hartu beharreko ezaugarri bat dela, baina ez bakarra. Toki ludikoa sortzeko eta lortzeko arreta osoa jarri behar da esperientzietan eta bizipenetan. Horrela, egoera berri honek harreman sozialak pizteko eta indartzeko aktibatzen diren mekanismoei modu iraunkor batean jarraipena emango die.

Tonuccik dioen bezala, parke baten diseinuak ez du arkitektoek agintzen duten arauen menpe egon behar; parke baten diseinua umeek beren ilusioarekin amesten eta irudikatzen duten tokia izan beharko luke.

Esperientzia ludikoa osoa izateko oso garrantzitsua da gozamenari kanpoko mugarik ez ezartzea. Mugak bizipenak berak erakusten ditu eta esperientziatik ulertu eta barneratu egiten dira. Administrazio batek bere barne arauekin zer den zuzena eta zer ez esatearekin ez da nahikoa izaten herritarrek, udalak hartutako erabakia bere egin dezaten. Xedea ez da espazio publiko politak sortzea, espazioaren edertasuna bigarren mailakoa izan daiteke baldin eta herritarrek bertan izango duten bizi esperientzia aberasgarria baldin bada. 


Comentarios

Entradas populares de este blog

Agurra